Ongi etorri nire blogera!! Hezkuntza edonon egon daitekeela uste baduzu, ez bakarrik eskolan, leku aproposean zaude!
Blog honetan hezkuntza informal eta ez-formalari buruz hitz egingo dizuet eta! DISFRUTATU!

lunes, 12 de diciembre de 2011

Umeen Gabonetako Parkea

Dena prest dago aurten ere UGP (Umeen Gabonetako Parkea) zabaltzeko! Abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik eta bertan hainbat eta hainbat gauzez disfrutatzeko aukera izango dute Bilboko txikienek.

Dibertimendua eta giro ona da gabonetako parke honen helburua eta eskaintza ludiko eta didaktiko ugari aurki ditzakegu bertan.

Duela urte batzuk, Bilboko BECn (Bilbao Exhibition Centre) kokatzen da eta hiru pabiloi okupatzen ditu. Erakunde, enpresa publiko zein pribatu, kultur elkarte, gobernuz kanpoko erakunde eta hedabide desberdinek milaka ekintza antolatu eta eskaintzen dituzte haurrentzat; jokoak, kirolak, tailerrak, ikuskizunak, antzerkiak, barrakak, dantzak… 

Denetarik egiteko aukera dago parke honetan eta ume guztiek aurki dezakete haien lekua han. Esan dezakegu, hezkuntzak ere badaukala bere lekua bertan, ekintza desberdinak eginez umeek ikasten dutelako, hezkuntza informala hain zuzen ere.

Informazio gehiago nahi baduzu egin klik hemen.

domingo, 11 de diciembre de 2011

Durangoko euskal liburu eta diska azoka



Aurten ere Durangoko Euskal Liburu eta Diska Azokaz gozatu ahal izan dugu abenduaren 4tik 8ra. 

Oraingoan, 2011. urtean, 46. Edizioa ospatu dugu eta aipatutako 5 egun horietan aukera izan dugu Durangoko Landako Erakustazio gunetik paseo bat eman eta estreinatu berri diren  gure liburu zein diska gustukoenak erosteko.

Bultzatzailea Gerediaga Elkartea da eta azoka honetan aurki ditzakegun sailak editorialak, banatzaileak, diskoetxeak, erakundeak eta kultur eragileak dira, betiere euskarazko argitalpen eta euskal gaiak edozein hizkuntzatan eskaintzeko helburuarekin. Sarrera doakoa da eta bertan egon gaitezke goizeko 10:30etatik gaueko 20:00ak arte.



Gainera, aipatu beharra dago, umeentzat leku berezi bat dagoela. Bertan, mota desberdinetako ipuinak daude, baita ipuin kontalariak ere, abeslariak, umeei egokitutako ikuskizunak… eta honek, azken finean hezkuntza izena ere hartzen du, hezkuntza ez-formala.

Informazio gehiago nahi baduzu, egin klik hemen.

jueves, 8 de diciembre de 2011

Euskaraz mintzatu!

Aurreko larunbatean euskararen eguna izan zen, beraz, gaur gai horri buruz hitz egitera natorkizue.

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izan ohi da,  Xabierko Frantzisko deunaren egunean, hain zuzen. Frantzisko 1552ko abenduaren 3an hil zen eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan izan ziren, hau da, euskaraz. Horregatik, ordutik aurrera bere omenez, egun honetan ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna.

Ondoren, 1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau euskararen nazioarteko egun gisa eta 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten.

Ordutik aurrera urtero ospatzen da Euskararen eguna eta Euskal Herriko leku desberdinetan hainbat eta hainbat egiten dira.

Aurten ere ospatu egin dugu eta hona hemen Gasteizen egin duten "flash movie" aren bideoa.




Informazio gehiago nahi baduzu egin klik hemen.


martes, 6 de diciembre de 2011

Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Pailazoak ere hezitzaileak direla esan dezakegu? Hezkuntza ez-formalaren parte? Baina seriotan har dezakegu pailazo batek esaten diguna?

Galdera honi erantzuten saiatzeko hona hemen Aiora Zulaikaren(Pirritx) hitz batzuk, Gaztezulo aldizkariak eginiko elkarrizketa batean esan zituenak.

 

"Porrotxek beti kontatzen du euskararen aldeko festa baterako hasi zirela orain dela 23 urte. Orduan hiru tipo ziren eta esketxa arrautza egosiak elkarri boteaz egiten zuten. Porrotxek esan zuen arte: "Bizitza osoa pasatu behar al dugu elkarri arrautzak botatzen?". Zer edo zer gehiago eskainiaz jabetzen zara aurrean daukazun jendeak zure mezuak jasotzen dituela eta, hein batean, eredu bat zarela beraientzat. Segun eta zein gai jorratu, egiten duzun ekarpena handiagoa edo txikiagoa da. Alde horretatik, hezitzaile paper horretan gero eta gehiago sakontzen saiatzen gara."

Beraz, gaur hiru pailazo euskaldun hauek aurkeztu nahi dizkizuet, Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Nire ustez, eta Aiorak ere esaten zuen moduan, umeek ere asko ikasten dute pailazoekin. Are gehiago, uste dut gaur egun pailazo gehiago egon beharko liratekeela, eta play station, PSP eta horrelako makinita gutxiago..
Amaitzeko, eta abenduan sartu garela kontuan hartuz, hona hemen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek gabonak zoriontzeko egindako bideo bat.


Eta haiei buruz gehiago jakin nahi baduzue, egin klik hemen.

domingo, 4 de diciembre de 2011

Hezkuntza ez formala, edo... eskolak aldatu?



Hemen jartzen dizuedan bideoa, Pestalozzi pedagogoaren ideietan oinarritutako eskola bati buruzko dokumental baten lehenengo zatia da (hiru zati daude). Bereziak dira, horrelako eskolak eta niri galdera bat datorkit burura bideo hau ikustean.. hezkuntza ez formala hain beharrezkoa da? edo hain beharrezkoa da hezkuntza formalak aldaketa bat behar duelako? zer da hobeto?

Hasteko, onartu behar dut bideoa ikusten nengoen bitartean itzelezko inbidia sentitzen nuela etengabe. Inbidia, bai lehenaldiari begira, ikasle moduan horrelako leku batean haztea ikaragarri gustatu izan litzaidakeela ukatu ezin dudalako,  eta iraganari begira ere, irakasle moduan, ("irakasle" nolabait esatearren) oso gustura egingo nukeelako lan, horrelako zentro batean. Benetan disfrutatuko nuke, mundu txiki horren partaide izaten.

Umeak askeak dira bertan, inguruarekin etengabe harremanetan daude, eta haiek aukeratzen dute zer egin eta ze erritmoan (esaterako, haiek aukeratzen dute noiz pasatu lehen hezkuntzatik, bigarren hezkuntzara). Haiek dira haien prozesuaren protagonistak eta haiek dira garrantzitsuenak.

Zentroak inguru eta giro egokiak prestatzen ditu, umeen garapenari laguntzeko, haiek eroso egin dezaten lan, eta bertako helduak lagunkideak besterik ez dira, laguntzaileak, ez dago irakaslerik, zeinek umeei zer egin esaten dieten. Bertan heldu batzuk daude umeek behar dunenerako, noski, baina era desberdin batean.

Horrela, elkarrekintza autonomo batek, giro aproposetan emanda, heldutasun prozesu handiak emango ditu emaitzatzat eta gaitasun itzelak garatuko dira iraganerako erabilgarriak izango direnak, garrantzirik eman gabe zein ezezaguna izan daitekeen hau. Pertsonak hezten dira "Pestalozzi" zentroan, bakoitza bere moduan.


Zentro hau familia bat izatean hasi eta pixkanaka handitzen joan zen, eta nire ustez horrek zeresan handia du, hasiera batetik, ez delako "eskola" bat izateko eraiki, baizik eta beste faktore batzuei eman die garrantzi gehiago, familia batek eskaintzen duen gertutasunari, esaterako. Bideoan aipatzen den lez, bi elementu zaintzen dira asko; batetik, zainketa, maitasuna, atentzioa... eta bestetik indibidualizazioari errespetua.

Benetan polita iruditzen zait proiektu hau, inbidiagarriak, lehen esan dudan bezala; umeak horrela hazi ahal izatea, bizitzan baliogarria dena eta beharrezkoa dena ikasiz, inoren inposaketarik gabe, haiek bakarrik ingurua deskubrituz, protagonista izanez,  adin desberdinetako umeez inguraturik... egia esan,  gizartetik aparte dagoen mundu txiki bat dela dirudi, non gizakiaren baloreak guztiz desberdinak diren eta hezkuntza lana benetan behar bezala egiten den.

Atentzioa bereziki deitu dit ere gazteen parteak, beharbada adinagatik, ni neu bertan egon ahal nintzelako eta egia esateko, lehenago esan dudan moduan, oso gustura egongo nintzelako.

Nire buruari galdetzen diot ea gaur egungo eskolaren batean gazteei bizikletaz irteera bat egitea proposatuko baliete (bideokoa bezala) eta bost hilabete inguru bideetan eman beharko balituzte, zenbatek esango luketen baietz? 


Horra hor aldaketa, baloreen aldaketa, bizitzeko eraren aldaketa, bizitzan bakoitzaren lehentasunen aldaketa... Eta ziur asko bidai horretan ikasi zutena ez dute inoiz ahaztuko eta benetan gauza garrantzitsuak izango ziren, bizitzarako garrantzitsuak.

Bestalde, bideoa ikusten nengoela burura etorri zaidan gauza bat komentatu nahi dut. Kuriosoa iruditzen zait niretzat hain "aurreratua" edo gaur egungo egoeran benetan behar den hezkuntza mota Ecuadorren gertatzea, herrialde azpigaratu bat dela. Apur bat kontrajarria da ez?

Suposatzen da gu herrialde garatu batean bizi garela eta gure gizartea oso aurreratua edo modernizatua dagoela, baina hezkuntza munduan askoz egokiagoa da Ecuadorren ematen den hau, nahiz eta zentro bakar bat izan. Kuriosoa da, besterik gabe. Guztiok daukagu zerbait berria ikasteko besteengandik, eta batzuetan hori ikustea asko kostatzen zaigu.

Amaitzeko, denbora baduzue bideoa osorik ikusteko gomendatuko nizueke merezi duela! 

miércoles, 30 de noviembre de 2011

Babies

Gaur, beste pelikula batekin natorkizue, "Babies", hain zuzen ere.

Pelikula honetako protagonistak, munduko leku desberdinetan, familia desberdinetan eta egoera guztiz desberdinekin jaio eta hazten diren lau ume dira. Ponijao, Namibiako "Himba" tribukoa; Bayar, Mongoliako estepakoa; Maria, Tokiokoa eta Hattie, San Franciscokoa.

Filma honek argi erakusten digu ume bakoitza jaiotzen den unetik zeharkatzen dituen etapak eta garapenaren puntu edo une desberdinak. Argi dago, alde batetik ume guztiek ezaugarri komunetan bat egiten dutela, baina bestalde kanpoko hainbat faktore kontuan hartzen baditugu (lekua, kultura, familia, bizi baldintzak...) ume bakoitzaren hazteko prozesuaren ezaugarriak  guztiz desberdinak izan daitezke.


Burura behin eta berriro galdera berdina etortzen zitzaidan, pelikula hau ikusten nengoen bitartean. "Badago formula bat umeak hezteko orduan?"
Familia bakoitzak ideia desberdinak ditu umeen heziketari buruz, era desberdinetan egiten du eta gauza desberdinei ematen diote garrantzia.

Argi ikusten da ume baten heziketan eta hazteko prozesuan hainbat faktorek jolasten dutela,... eta bakoitza nolakoa den kontuan hartuta haurra modu batera edo bestera hazten dela. 



Baina azken finean umeak, umeak dira. Guztiak dira berdinak, eta aldatzen duena haien ingurua da, bakoitzak bizi duen egoera. Seguru pelikulako haurrak lekuz aldatuta jaioko balira, bakoitza bere lekuko erara haziko litzatekeela.

Amaitzeko esan nahi dut asko gustatu zaidala pelikula hau, oso irudi eta momentu politak erakusten dituelako umeak protagonista direlarik, eta polita izateaz batera guztiok egin beharko genituen galdera asko planteatzen ditu umeen hezkuntzari buruz.


martes, 29 de noviembre de 2011

Kirola

Kirola, nahiz eta askotan eskolan burutzen den ekintza izan, hezkuntza ez-formalaren esparruan kokatzen dugu, eskolaz kanpoko moduan. Hau, oso garrantzitsua da umeen heziketa prozesuan bai fisikoki eta bai psikologikoki hazteko. Batetik, osasuntsu mantentzeko ezinbestekoa da kirola, dieta orekatu bat egitearekin batera noski, eta bestetik talde lana, lankidetza giroa, talde harremana, laguntasuna…  sustatzen ditu.



Hau dena kontuan izanik, Bizkaiko Foru Aldundiak eskola kirolarekin lotutako proiektu bat dauka martxan. Proiektuaren xedea, Bizkaiko eskoletako umeentzat  kirol eskaintza sustatu, ahalbidetu, antolatu eta arautzea izanik, eskolei baliabide eta egitarau desberdinak eskaintzea da honen eginkizuna.

Kirol jardueren eskaintza zabala da, eskolako txikienetatik, “kirol hastapena” edo “multikirolak” egiten dituztela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino, Kirol espezifikoetako hainbat talde sortzen direla (saskibaloia, futbola, eskubaloia, atletismo…) gero beste eskolekin batera ligak egiteko.

Beste alde batetik, 2005-2006 urtean Eskola Kirol honi Herri Kirolak ere gehitu zitzaizkien eta ordutik aurrera hainbat lehiaketa antolatzen dira kirol hauekin loturik: eskupilota, arraun…



Eta gainera, kirola egitea ekintza hutsa dela umeek pentsa ez dezaten eta haratago ikusten ere ikasteko,  ingurumena eta gure kultura errespetatzen dituen kirola egiteari buruzko sentsibilizazioa lantzen da ere proiektu honetan, eta urtero sentsibilizazio kanpaina desberdinak egiten dira:“besarkatu kirola”, “eskola kirolaren ikusle onen dekalogoa”, ”kirolari gazteentzako elikadura”…

Informazio gehiagorako egin klik hemen.